XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

a) Nekazaritzako lurzorua izaera horrekin iraunaraztera eta lurzoru horrek dituen ekoizpen helburuei eustera bideratuta dauden arauak. Horien artean, Lurzoruaren Eraentza eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen 9.etik 12.era arteko artikuluak nabarmendu behar ditugu.

Artikulu horiek berebiziko garrantzia dute, landa lurzorua eta hiri lurzorua zer den zehazten dutelako; bereizketa horren bidez finkaturik gelditzen dira ondasun higiezinen jabetzari buruzko bi estatutuen aplikazio mugak. Berebat, artikulu horietan lurzoruaren sailkapena egiten da hirigintza ondoreetarako, eta sailkapen horrek lurzoruaren erabilerak eratxikitzea ahalbideratzen du.

Sailkapen horretatik modu negatiboan atera daiteke landa lurzorua dela lurzoru urbanizaezin izenekoa; landa lurren destinoa, beraz, ondoko helburuetarik bat bakarrik izan daiteke: nekazaritza, baso, abeltzaintza zein ehizarako edo, orokorrean, izadiaren baliabideak zentzunez aprobetxatzeko (15. art.).

Landa lurretan eraiki daitezke, arau orokor gisa, finkaren izaera, zabalera eta erabilerari lotuta dauden nekazaritzako ustiapenera zuzendutako eraikuntzak bakarrik (16. art.).

Goian aipatutako lege horietaz gain, autonomi erkidegoetako arauak hartu behar dira kontutan, kasurako: Madrilgo Autonomi Erkidegoak Lurzoru Urbanizaezinaren gaineko Lurzatiketari buruz emandako Legea, Kanarietako 1985eko uztailaren 29ko Legea, Kataluniak Lurralde Politikari buruz 1983ko azaroaren 21ean emandako Legea eta Nafarroako 1987ko apirilaren 10eko Legea.

b) Landa funtsak zentzuzko nekazaritza aprobetxamendura destinatzeko beharra ezartzen duten arauak; besteak beste: Nekazaritzaren Eraldaketa eta Garapenari buruzko Legearen I eta 2.a) artikuluak, Modu Nabarian Hobetu daitezkeen Finkei buruzko 1979ko azaroaren 16ko Legea, Andaluziako Nekazaritzaren Eraldaketari buruzko Legea, Extremadurako Bazkategiari buruzko Legea.

c) Landa jabetzak dimentsio egokia izatea ahalbideratzen duten arauak, nekazaritzako ustiategia zentzuzkoa, biderakorra eta eragingarria izateko:

a') Familiaren etxea edo nekazaritzako ondarearen osotasunari buruzko foru arauak; Kode Zibilaren 1056.2. artikulua, horren helburua ustiategia bere osotasunean iraunaraztea dela; KZren 1523. artikulua, mugakideen arteko atzera-eskuratzeari buruzkoa; familiaren nekazaritza ustiategietan eta errentamenduetan, mortis causa oinordetza bereziari buruzko arauak (Familiaren Nekazaritza Ustiategiaren eta Nekazari Gazteen Estatutuari buruzko Estatutuaren 16. art., eta ondorengoak; Landa Errentamenduei buruzko Legearen 79. art., eta ondorengoak).